XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aho-zabalik geratu nintzen. Sekula ez nuen pentsatu izan txoritxo-talde inuzente batek hegazkin handienetako bati istripu bat eragin ahal zionik.

Nebak nire pentsamenduetatik atera ninduen.

- Goizean amak mezua utzi du erantzungailuan -azaldu zuen.

- Badakit.

- Bada, zertako deitu behar diozu?

- Berarekin hitz egin behar dut -esan nion.

Banekien nik amari goizeko eta gaueko bakanaleak kontatzearen beldur zela, eta nuen desengainatu. Piska bat sofri zezala, merezia zuen eta.

Azkenean topatu nuen telefonoa apuntatu nuen papera. Sukaldaritza-aldizkari batzuen azpian zegoen. Entzungailua altxatu eta zenbakiak markatzen hasi nintzen, hamahiru guztira. Dei-seinalea entzun nuen beste aldean. Oraingoan andereño bat izan zen alemanieraz agurtu ninduena.

- Good Morning -agur egin nuen nik nire ingeles purtzilaz.

- Good Morning -erantzun zidan berak, oso zuzen, hitz egiten zioten hizkuntzara pasatuta.

- Can I speak to mister Escudero, please? -galdetu nuen.

Nebak hontzaren begiekin begiratzen zidan.

Nebarentzat ingelesa birmaniera bezalakoa zen. Andereñoak segundo batzuk eman zituen bere lankideak aurreko gauean bezala erantzuteko.

- They're not here esan zuen. I'll give them your message.